Victoria Eugenia antzokia, Maria Cristina hotela, Igeldoko jolas-parkea eta bertako funikularra eta La Perla del Océano bainuetxea beren mendeurrena ospatzen ari dira.
Antzokia, Francisco de Urcolak egina, 1912ko uztailaren 20an inauguratu zen. Hotela, Charles Mewes arkitekto frantziarrari agindu zitzaion lana, uztailaren 9an zabaldu zen; Jolas-parkeko funikularra, berriz, abuztuaren 25ean jarri zen abian, Emilio Huici ingeniariaren proiektuaren arabera. Urte berean inauguratu zen, halaber, La Perla del Océano bainuetxe berria.
Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegiak bat egiten du eraikin ospetsu horiei eskaintzen ari zaien omenaldiarekin eta jende guztia gonbidatzen du XX. mendearen hasieran eraikin horiek nolakoak ziren ezagutzera, Jose Luis Sánchez Ayerza Funtsari esker.
