2012/09/17

Chiquita de Anoeta


M. Antonia Uzcudun, Chiquita de Anoeta goitizenez ezagunagoa (1927-2008), punta-puntako pilotaria izan zen 1941etik 1967ra bitartean. Espainian, Mexikon eta Kuban aritu zen erraketa modalitatean. Haurra zela, Anoetan eskuz jolasten hasi zen; 13 urterekin Salamancan debutatu eta laster profesionala bihurtu zen erraketa modalitatean. Atzelari moduan jokatzen zuen, batzuetan bera bakarrik bikote baten aurka. Garaiko prentsaren arabera, munduko erraketari onena zen eta hainbat sari eta omenaldi bidez aitortu zitzaion meritua.


Gipuzkoako kirolari handi honen oroimena gal ez dadin, bere sendiak gordetzen zituen hainbat dokumentu utzi dizkio KMko liburutegira. Azpimarratzekoak dira dokumentu pertsonalak, 1996an Anoetan egindako omenaldiari buruzkoak, egunkari-artikuluen familia albuma, argazkiak… eta berari eta Manolo Santanari eskainitako pasodoble baten partitura! Dokumentu horiek katalogatu, digitalizatu eta sarean dugun katalogoan ipini ditugu, liburutegiaren katalogoan kontsultatzeko moduan.