XIX. mendearen erdialdean, Jose Manterolak bertso-paperak, bertsoak, egunkaritako artikuluak eta Donostiako inauterietako abestiak bildu zituen Album vascongado izendatu zuen koaderno batean (irudian ikus daiteke adibide bat).
Haren liburutegia beste euskaltzale unibertsal batek eskuratu zuen, Julio Urkixok hain zuzen. Horri esker, bi euskaltzaleon liburutegiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Koldo Mitxelena Kultureneko liburutegia osatzen dute.
2010eko urrian, album horri buruzko albiste bat agertu zen Gipuzkoakultura web orrian. Albuma jadanik digitalizatuta dago eta liburutegiko katalogoan sartu dugu (www.kmliburutegia.net), nahi duenak Jose Manterolaren legatu aberatsaz goza dezan.
