Elias Querejeta zinemagileaz hitz egitea Espainiako zinearen historiaz hitz egitea da. 18 urte besterik ez zituela Errealean debuta egin zuen hernaniar honek oso gazte zela utzi zuen futbola, 23 urterekin; horrela, futbolari bat galdu baina zinemagile bat irabazi genuen. Elias Espainiako zinemagintzako ekoizleen artean nagusi izan zen, eta garai guztietako zuzendariekin lan egin zuen: Carlos Saura, Victor Erice eta Jaime Chávarri zuzendarietatik hasi eta Montxo Armendáriz, Ricardo Franco, Julio Medem, Fernando León de Aranoa eta bere alaba Gracia Querejetara iritsi arte, besteak beste.
Berak ekoiztutako filmek hainbat sari jaso zituzten, baina horiez gain, 1998an, beste bi sari jaso zituen, harro: Donostiako Urrezko Danborra eta Arte Ederren Urrezko Meritu Domina.
Elias Querejetak ekoiztutako filmak gogoratuko ditugu ekainaren 24tik 29ra arte.